Konsoni Lantegia (Eusko Jaurlaritzaren industria ondare higigarriaren gordailua) bisitatzean, asko dira erreparatzen ez diegun objektuak. Makinek, lanabesek eta euskal industriak fabrikatutako tresnek (guztira, 2.000 objektu inguru) osatzen dute bilduma eta, jakina, ezinezkoa da guztiak aipatzea. Gaur, ohiko bisitetan azaldu ezin dugun makinetako bati buruz idatziko dugu: Etoile estanpazio-makina.
Bi metro baino gehiagoko altuera duen makina-erreminta ikusgarria da, burdina forjatuz eginda, eta oso diseinu zainduarekin. Xehetasun txikiek, TdeG anagrama eta Daviden izarra kasu, modeloa (etoile hitzak, frantsesez, «izar» esan nahi du) eta fabrikatzailea (Talleres de Guernica enpresa bizkaitarra), identifikatzea ahalbidetzen dute. Bere egituran forma kurboak dira nagusi, aurreko mendeko lehen hamarkadetan fabrikatutako makineria mota honetan ohikoa zen bezala. Izan ere, elementu horiek guztiek pentsarazten dute 1920. urte inguruan egina izan zela.
Beroan estanpatzeko prozesuaren bidez metalezko pieza txikiak ekoizteko erabiltzen zen. Makinak egiten duen lana nahiko prozedura erraza da. Estanpazio-makinak altzairuzko bi molde edo matrize ditu: bata finkoa (behekoa, ingudea ere deitua), honen gainean metal beroko totxoa jartzeko, eta bestea mugikorra (goikoa edo mailua), gida batetik irristatzen dena metala kolpatzeko eta, horrela, forma emateko. Motor-mekanismo batek (zikoinak eta kolpeetarako pedalak osatuta) eragiten dio mailuari: polea lau baten bidez transmititzen du mugimendua motorrak, goiko matrizea altxatuz; pedalari eragitean, mailua askatu eta bere pisuari esker erortzen da, piezari moldearen forma emanez. Etengabe lan egin ahal izateko, estanpazio-makinaren ondoan sutegi bat zegoen, non metal totxoak berotzen ziren beheko matrizearen gainean jarri aurretik.
Makina eta sutegia Sestaoko Sociedad Anónima Aurrera enpresatik datoz, euskal metalgintzaren sektorean aitzindaria izan zen fabrika, burdina, altzairua eta beste metal batzuk galdatzeko eta mekanizatzeko, hain zuzen ere. Bi objektuak 1984ko martxoan eman zizkioten Eusko Jaurlaritzari. Gaur, ekoizpen-prozesuez, diseinu industrialaz, egokitzeko gaitasunaz eta bi enpresaren historiaz hitz egiten digute: fabrikatzailea, Talleres de Guernica, eta hamarkadetan erabili zituen ekoizlea, S.A. Aurrera. Beraz, memoria bizia dira, bai eta gure kultura ondarearen funtsezko zatia ere.
Pieza honi buruz edo Konsoni Lantegian dagoen industria ondarea higigarriaren gordailuko bildumari buruz gehiago jakin nahi baduzu, partekatu zure galderak eta iruzkinak #IndustriaOndareaEtxetik traolarekin.
#EtxeanGeratukoNaiz
Datu teknikoak:
Izena: Etoile estanpazio-makina
Urtea: 1920 aldera
Ekoizpena: Talleres de Guernica
Bolantea: 900 mm-koa.
Motorra: Constructora Nacional de Maquinaria Eléctrica
#IndustriaOndareaEtxetik
Kolaboratzailea:
ARTXIBOA: Industria Ondarea Higigarriaren. #IndustriaOndareaEtxetik
2020/03/20 Pavesi P4 artilleria-traktorea. Gerra- eta lan-makina
2020/03/19 Konsoni Lantegia egungo egoerara egokituta: #IndustriaOndareaEtxetik
Deja tu comentario