Elorrietako ponpatze-estazioa / Estación bombeadora de Elorrieta
Deusto, Bilbao, Bizkaia
Joaquín Cárcamo Martínez
Osasun publikoaren gaia gordintasun handiz azaleratu zen, 1885eko koleraizurriteak Bizkaiko industria eta meatzaritza geldiarazi zituenean. Garai hartan, Bilboko herritar askok eta askok ura itsasadarretik hartzen zuten artean, hiriko ur beltzak isurtzen zituzten itsasadar beretik, hain zuzen. Hilkortasuna handiegia zen, milako 40 lagun ingurukoa, eta laster iritsi zen eztabaida Udalera. Proiektuari 1890ean ekin zioten, eta hurrengo urtean saneamendu-aurreproiektuen lehiaketa deitu zuten. Mens sana in corpore sano izenekoak irabazi zuen. Recadero Uhagón (1848-1912) bide-ingeniari ospetsuak aurkeztu zuen proiektu irabazlea, Valladolideko saneamendu-proiektua idatzi eta argitaratu berri zuenak, alegia (Uhagón, 1891, 157). Epaimahaian Atxukarro eta tankerako arkitekto ospetsuak zeuden, baita Txurruka, William Gill eta era horretako beste hainbat ingeniari ere (azken hori Orconera Iron Ore enpresako zuzendaria zen). Epaimahaikideek proiektu irabazlean ageri zen teknika berritzaileen gaineko ezagutza balioetsi zuten, baita irtenbidearen bideragarritasuna ere (Anonimoa, 1899, 274).
Uhagónek behin betiko proiektua aurkeztu zuenean, 1894an, Bilbon 63.900 biztanle zeuden. Ingeniariak kalkulu eskuzabalak egin zituen ustez, eta kalkuluak egiteko 100.000 biztanle hartu zituen aintzat, bai eta biztanleko eta eguneko 100 litroko ur-kontsumoa ere. Proiektuak sare bikoitzeko banaketa-tipoko tout à l’égout saneamendu dinamikoa jasotzen zuen (putzu beltzak erabat erretiratuta); hau da, lehendik zegoen sarea euri-uretarako kontserbatzea proposatu zuen (euri-urak zuzenean itsasadarrera isuriko zituzten), eta estolderia berria eraikitzea ur beltzak biltzeko bakarrik, gehienbat beharrizan errealetik hurbileko sekzioko hodi ez bisitagarrien bitartez (Cárcamo, 1996, 4).
Sare berria hiru kolektorek osatuko zuten: bi ezkerraldean eta bat eskuinaldean. Kolektoreok Bilboko ur beltzak bildu beharko zituzten San Frantziskotik eta Atxuritik abiatu eta itsasadarra sifoien bidez zeharkatuta, Mesedeetako erriberatik eta Deustutik barrena, harik eta Zorrotzaurreraino eraman arte. Bertan 12.000 m3 -ko gordailu handi bat eraiki behar zuten, atxikitako makina-etxean ezarritako ponpatze lana erregularizatzeko. Ponpa horiek Galeako tunel bisitagarriko ahoraino (Getxo) bidali beharko zituzten urak, 60 cm diametroko eta 10.123 m luzeko hodi baten bitartez; azken tunel horretatik, itsaso zabalean zuzenean eta araztu gabe isuriko zituzten, itsasbeheran zazpi metroko altueratik.
Lanei 1895eko uztailean ekin zieten, eta 1903an bukatuta zeuzkaten, zortzi urtez lanean aritu ondoren. Guztira 5.453.611 pezetako inbertsio publikoa egin zuten (Uhagón, 1904, 528), ia Udalaren urteko aurrekontu osoa, 1898- 99an zazpi milioi ingurukoa izan baitzen. Urte haietan beharrezko desjabetzeak egin behar izan zituzten. Era berean, kolektoreetarako, isurbideetarako eta bulkada-hodietarako 20.000 metro hodi ipini zituzten lurpean, eta Galeako tunelaren 2.759 metroak ere ireki zituzten. Uhagónen proiektuaz gain (horren bidez, funtsean, itsasadarraren bi ertzetan zehar intertzeptagailu-sarea eraiki behar zuten), bigarren mailako estolderia-sarea eta finka-jabeek beren borondatez egindako hartuneak ere eraiki behar izan zituzten.
Recadero Uhagónek Elorrietako ponpa-etxe txikia eraiki zuen (solairu bakarra du kanpoalderantz), eta fatxadei nortasuna emateko leiho handiak ireki zituen, halaber adreilu prentsatua eta harria ere erabilita: kareharri-harlandua zokaloetan, eta harearria erlaitzetan eta erremateetan. Lau isurialdeko eta zinkezko estalki bikoitza dauka, egurrezko gapirio eta burdinazko tirante bidezko Polonceau armadurek eutsita. Horrek agerian uzten du eraikinaren eginkizun industriala. Barruan, beheko solairuak eta sotoak –hormigoizko murruz eraikita– bolumen bakarra osatzen dute. Dependentzietako batean makinak eta ponpak daude, eta bestean galdarak.
Sotoko gela independenteetan, berriz, konponketatailerra eta ikaztegi-sutegia zeuden. Kanpoaldean adreiluzko tximinia bat ageri da, 25 metro garai, eta behealdean 5 metro karratuko atal bat dauka, adreiluzkoa hura ere. Erremate gisa, harlandu trinkozko zokaloa eta erlaitza. Tximinia honetatik lurrun-galdarako kea ateratzen zen.
Iparralderago, mendi-hegalean eta eustorma baten osteko zabaltze goratu baten gainean, dorre piezometriko bat zegoen; barruan ponpatutako urak beharrezko garaierara altxatzen zituzten, Galeako tuneleko ordenatura iritsi ahal izateko. Dorrearen proportzioak ederrak ziren oso, eta benetan ikusgarria zen instalazioan. Zortzi aldeko goi-atala zuen, 12,50 metro garai. Harearri-harlanduzko erlaitzez eta ertzez eraikita zegoen, bai eta adreiluzko hormaatalez ere, karel batean errematatuta. Oinarri gisa 4 x 4 metroko behe-atal karratu bat zuen, 4,50 m garai, hori ere kareharrizkoa eta harearrizkoa. Hormigoi armatuzko hodi bertikalak osatutako ardatzaren gainean eskailera helikoidal estu bat zegoen, eta goiko begiratokira ematen zuen. Dorrearen ondoan hobi septikoak zeuden, baita makinak kondentsatzeko erabiltzen zuten ura arazteko dekantaziobaltsak ere.
Makina-etxearen ondoan, itsasadarraren aldean, lurpeko gordailua zegoen. Gordailu horrek 59 x 35 metroko bi konpartimendu berdin-berdin zituen, eta hormigoizko murruz eta zolataz eraikita dago. Estalkia material bereko ertzgangaz egina da, 5 m zabal. Ganga horiek, bestalde, 3 metro garaieran eta 0,40 m lodi zabaleran zituzten adreiluzko 45 zutabetan bermaturik zeuden. 1896an hasi ziren eraikitzen, eta hainbat zailtasun gainditu behar izan zituzten; izan ere, eremu batzuetan 12 metro sakon baino gehiagoko lokatzgeruzak zeuden.
Makinen adjudikazioa Bartzelonako La Maquinista Terrestre y Marítima enpresari egin zioten, arrakastarik gabe. Azkenik, Ingalaterrako James Simpson y Cía. etxeari agindu zioten 1899ko azaroan. Etxe horren Madrilgo ordezkaria Tomás Arturo Greenhill zen. Bi lurrun-makina ezarri zituzten. Worthington sistema, espantsio hirukoitza eta gainazaleko kondentsazioa zituzten, eta ponpei zuzenean eragiten zieten (Uhagón, 1901, 21).
Henry Worthiengton jaunak asmatu zituen zuzeneko eragintzako ponpa-makinak 1841ean Estatu Batuetan, eta oso preziatuak ziren hainbat arrazoirengatik; esate baterako, soiltasunagatik, segurtasunagatik eta funtzionamendu-leuntasunagatik, bai eta ipintzeko eremu txikia behar zutelako ere. Ezaugarri nagusia tarteko organo tradizionalik (bolanteak eta bielak) ez edukitzea zen; hala, ardatz bakarra zuten makinarako eta ponparako. Bilbon ezarri zituztenak duplex sistemakoak ziren. Makinek bina ponpa dituzte, bakoitzak lurrun-zilindro egokiak dituela, eta espantsio hirukoitzean lan egiten zuten; hau da, lurruna hiru zilindrotan erabiltzen zen jarraian. Hortaz, makina bakoitzean sei zeuden.
Lurruna Babcock & Wilcox markako hiru galdarak sorrarazten zuten; galdarok lurrun-birberogailuak eta elikadura-ponpa egokiak zituzten, guztiak ere Worthington markakoak. Instalazioak, azkenik, bost tonako eskuzko zubigarabi mugikorra zuen makina-gelan, baita argiztapenerako korronte-sorgailua ere, Tangyes Ltd. (Birmingham, Ingalaterra) eta Weston Electrical Instrument Corp. (Newark, New Jersey, AEB) etxeetakoa, 1902an erantsia.
Bilboko saneamendua izan zen Espainian egindako lehendabizikoa (Pulido, 1902, 343). Beraz, berritzailea izan zen alderdi askotan. Pedro García Fariak Bartzelonarako prestatu zuen saneamendu-proiektu handinahia 1891ko uztailean onartu bazuten ere, 1902ra arte ez ziren gauzatzen hasi, eta zati bat bakarrik, gainera. Bereziki berritzailea izan zen 1900an bakteriolisi bidezko arazketa-teknika aukeratu izanagatik. Teknika horretan hobi septikoak eta zepa-irazkiak jarraian erabiltzen dira (Uhagón, 1901, 24), nahiz eta makinek funtzionatzeko beharrezko ura berreskuratzeko bakarrik erabiltzen zen. Teknika hori Cameron-ek erabili zuen lehenengoz Ingalaterrako Exeter hirian, 1895ean.
Lanak 1903an bukatu zituzten, eta garai hartarako, aurreikuspen guztiak gaindituta, Bilbok 90.200 biztanle zituen. Hilkortasuntasa murriztu zen; 1894an milako 40,42 zen, eta 1903an, berriz, 28,57. Dena den, aski handia zen oraindik ere, ziurrenik ur-hornidurako sistemak zituen gabeziengatik, herritarren higiene-ohiturengatik, eta hiriko etxe askotan zeuzkaten bizigarritasun-baldintza eskasengatik. Hiria garatu ahala, Uhagónek proiektatutako instalazioak zaharkiturik geratu ziren berehala. Mendea hasitakoan, Gwynnes Ltd. etxearen bi Invincible ponpa zentrifugo ezarri zituzten, 300 ZP-ko Siemens motor elektriko batek eraginda. Nola-nahi ere, 20ko hamarkadan itsasadarrera egindako isurketak ohiko bilakatu ziren atzera, garai hartan 150.000 biztanle baitzituen Bilbok, eta ur-kontsumoa handitzen ari baitzen.
Gerra Zibiletik aurrera, Elorrietako instalazioak Deustu auzoari zerbitzu emateko erabili zituzten. Galdarak eta tximinia kendu zituzten, eta, horrenbestez, lurrun-makinak ezin izan ziren berriro erabili. Hala ere, gainerako instalazioak bezalaxe, oso kontserbazio-egoera onean egon ziren 90eko hamarkadara arte. Garai horretan, baina, Udalak eta Ur Partzuergoak inguru hori abandonatu egin zuten. Metropoli-trenbidearen obrekin batera, lurpeko gordailua urratu eta, tamalez, dorre piezometriko ederra eraitsi egin zuten. Ondorengo beste esku-hartze batzuetan, berriz, hobi septiko aitzindariak eta dekantazio-baltsak suntsitu zituzten, aparkalekua egiteko. Zaintzarik ez zegoenez, estalkia ere hondatu egin zen, ondoren Udalak zaharberritu bazuen ere. Era berean, makina batzuk ere lapurtu zituzten.
Uhagónen saneamendu-plana egungo metropoli-plan integralaren parekoa izan zen, bere garrantzia kontuan hartzen badugu, denbora- eta eremu-distantzia logikoak gaindituta, noski. Gordailuak, makina-etxeak eta barruan dauden makinek (bi Worthington ponpak, lurrun-zaldia, pedal-tornu bat eta instalazio elektriko-zentrifugoa, funtsean) osatutako multzoak ondare- eta historia-balioa daukate, bai eta Getxoko tunelaren erregistro-eraikuntza txikiek ere (Malakate izenez ezagunak). Hori ikusirik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Kultura Ondasun Kalifikatu izendatzeko espedientea hasi zuen 1994ko uztailean. Gaur egun, instalazioak zaharberritzeko zain daude, beren balioa nabarmentzeko.
BibliografIa
• Anónimo, 1899, 274-275
• Cárcamo, J., 1996
• Pulido, A., 1902
• Uhagón, R. de, 1891, 157-160
• Uhagón, R. de, 1901,
• Uhagón, R. de, 1904, 526-529.
Euskadiko Industria Ondarea – Patrimonio Industrial en el País Vasco, EKOB 6. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz. 2012.
Deja tu comentario