Proyectores y Accesorios Cinematográficos Da-Ex enpresaren publizitatea. / Jatorria: IEXCE Industrias

 

1895eko abenduaren 28an Lumière anaiek aisialdia eta ikuskizuna irauli zituzten. Egun horretan lehen zine emanaldi publikoa eta ordainpekoa egin zen, Parisko Gran Café-ko Salon Indien aretoan. Zazpigarren artea sortua zen. Ordutik, zinema aretoan esertzea zirrararen sinonimoa da: tristura, samurtasuna, harridura, ilusioa, barrea, izua, malenkonia, edo, batzuetan, asperdura. Baina sentimendu horiek desagertuko lirateke gure atzean zinematografoaren magia geldituko balitz; hau da, irudiak proiektatzen dituen tresna, segundoko 24 fotogramatan, geldituko balitz.

Proiekzio kabinak ere ikusi ditugu askotan pelikuletan, baina benetakoak ziren… Gure zinema-aretoetan errealitate bihurtu ziren, eta belaunaldi asko liluratu dute. Euskal industria kabina horietan sartu zen 1944tik aurrera. Urte horretan, Daniel Extremiana Ruizek (Babcock & Wilcox enpresako tornulari eta Portugaleteko Teatro Principal antzokiko zinema-operadorea), ekipo zinematografikoak konpontzeko tailer txikia eraldatu zuen. Ordura arte, Extremianak proiektore zaharkituetatik pieza solteak egiten eta birjartzen zituen, baina 1944an berezko modeloak ekoizten hasi zen: Da-Ex proiektoreak. Izen hori bere izenaren eta lehen abizenaren akronimoa zen eta marka ospetsua bihurtu zen. Izan ere, proiektoreok katerik, engranajerik eta transmisio-uhalik gabe akoplatutako motorea edukitzeaz gain, obturatzailearen eta filmaren pausoaren arteko sinkronizazioa hobetzen zuten. Hiru elementuri esker lortzen zen sinkronizazioa: arrabol bat, zeluloidezko zinta proiekzio-leihatila finkoraino arrastatzen zuena; engrane helikoidal bat, mekanismo osoa obturatzailearekin sinkronizatzen zuena; eta torloju bat, obturazioa erregulatzea ahalbidetzen zuena. Sistema horiei esker, Extremianak makina berriez hornitu zituen unean uneko aretorik handienak (Bilboko Olimpia eta Izaro zinema mitikoak edo Gran Hotel Debako aretoa). Are gehiago, Euskal Herriko ia auzo-areto eta parrokia-lokal guztietako proiektoreak ere egin zituen. Han, hainbat belaunalditako zinemarako zaletasuna hazi zen.

Super Da-Ex proiektorea, Barakaldo Antzokiaren atarian. / Argazkia: Amaia Apraiz (2019)

 

Gure zinematografoa, hain zuzen ere, areto horietako batetik dator. Nuestra Señora del Pilar Bilboko ikastetxeak erosi zuen 1968an, eta 25 urtez jardun zuen bere ekitaldi-aretoan, harik eta 1994an frantziskotarren kongregazioak berak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Industria Ondare Higigarriaren bildumarako eman zuen arte. Gainera, ez da edozein proiektore: Super Da-Ex bat da, Proyectores y Accesorios Cinematográficos Da-Ex enpresatik atera zirenen artean eredu garrantzitsuena. Izan ere, zinema-kabinako lana errazten zuen sistema bat sortu zuen Extremianak. Super Da-Ex-en proiekzio-leihatila hoztua zen; horri esker, marruskadurarik izan arren, filma ez zen berotzen ez trabatzen. Zeluloideak su hartzeko arriskua murrizten zen horrela, zine aretoetan lan egiten zutenen kezkarik handienetako bat sahiestuz. Gainera, fokuaren argitasuna eta potentzia hobetzen zituen modelo horrek.

Super Da-Ex estatubatuar proiektorerik onenak gainditzen zituen sistema bat omen da. Zalantzarik gabe, film batean agertzeko moduko asmakizuna da, funtsezkoa euskal industriarentzat. Sormena, asmamena eta, zergatik ez, Hollywoodeko glamourraren pittin bat uztartzen dituen objektu bat da, diseinu zainduan. Pieza honek, Konsoni Lantegian gordeta ez dagoen bildumako bakarrenetako batek, hainbat erakusketatan parte hartu du eta gaur egun Barakaldo Antzokiaren atarian ikus daiteke. Handik bere sortzailea omentzen du, baina baita tramankulu hauei esker zinema areto batean hunkitu garen pertsona guztiak ere.

 

Pieza honi buruz edo Konsoni Lantegian dagoen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailako industria ondarea higigarriaren gordailuko bildumari buruz gehiago jakin nahi baduzu, partekatu zure galderak eta iruzkinak #IndustriaOndareaEtxetik traolarekin.

#IndustriaOndareaEtxetik traolarekin.

#EtxeanGeratukoNaiz

 

Datu teknikoak

Izena:             Super Da-Ex soinu-ekipo zinematografikoa

Urtea:            1960

Ekoizpena:   Daniel Extremiana (Barakaldo)

 

Da-Ex markaren xehetasuna. Argazkia: Amaia Apraiz (2019)

Super Da-Ex modeloaren xehetasuna. Argazkia: Amaia Apraiz (2019)

Da-Ex proiektore zinematografikoen diseinua (1944). / Oficina Española de Patentes y Marcas

Da-Ex proiektore zinematografikoen diseinua (1944). / Oficina Española de Patentes y Marcas

 

 

#IndustriaOndareaEtxetik

Kolaboratzailea:

 

ARTXIBOA: Industria Ondarea Higigarriaren. #IndustriaOndareaEtxetik

2020/05/15 Alfa josteko makina, A modeloa (Eibar). Krisi-garaian berritzea

2020/05/08 Talleres de Deusto enpresako prentsa hidraulikoa. Presiopeko lana

2020/05/01 Galletas Artiach enpresako «txokolate makina». Bilbo gozozaleena

2020/04/24 Pulpa fintzeko errota. Papelera Española (Errenteria). Fabrikatik paisaiara

2020/04/17 Zapata-orkoien tornu kopiatzailea. Gasteizen ere, nolako oin, halako oinetako

2020/04/10 Zang korapilo sare-ehungailua. Itsasorako ehunak: emakume-lana

2020/04/03 Sömme lata-itxigailua. Bilbotik mundura

2020/03/27 Etoile estanpazio-makina. «Made in Gernika» diseinua

2020/03/20 Pavesi P4 artilleria-traktorea. Gerra- eta lan-makina

2020/03/19 Konsoni Lantegia egungo egoerara egokituta: #IndustriaOndareaEtxetik