Askotan, ez da erraza industria-ondarea zer elementuk osatzen duten zehaztea. Eraikinek eta makinek adostasun orokorra lortzen dute, baina ez da gauza bera gertatzen irudi mekanizistatik urrun dauden beste ondasun batzuekin, hau da,engranajeak, poleak, bolanteak, pistoiak edo bielak…ez dituztenak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren industria-ondare higigarriaren bildumaren bertuteetako bat, hain zuzen ere, bere aniztasuna da: osatzen duten ia 2.000 piezen artean, makinak eta erremintak daude, bai, baina baita euskal industriak egindako objektuak eta sailkatzeko zailagoak diren beste batzuk ere, hala nola altzariak, liburuak eta aldizkariak, material teknikoak eta gure enpresek sortutako dokumentuak.
Normalean pentsatzen dugu dokumentuek eta planoek daukaten informazioaren arabera dutela balioa, ikerketa- eta ezagutza-lanei eman diezaieketen datu eta gakoengatik. Hala ere, ez dugu kontuan hartzen ondare kulturalaren parte ere badirela. Are gehiago; askotan, artxiboak dira industria baten aztarna bakarra, industria horrek bere ekoizpen-jarduera agortu ondoren. Gaurko piezak horren adibide adierazgarriak dira.
Zortzi plano dira, Babcock & Wilcox-en bulego teknikoak landare-paperaren gainean tintaz marraztutakoak, 1929 eta 1930 artean. Garai hartan sortutako lurrun-galdaren beste horrenbeste eredu irudikatzen dituzte. Izan ere, trenbide-materialarekin batera, galdarak izan ziren enpresaren produktu nagusia, eta haien ekoizpenak bere instalazioen ekoizpen-azaleraren zati handi bat hartzen zuen: fabrikak jatorrian izan zituen hamar nabeetatik hiru erabiltzen zirenzeregin horretarako.
Baina paperezko ondare hori ez da Babcock & Wilcox galdaren ezaugarri teknikoei buruzko informazioa ematen duen dokumentua soilik. Modu zabalagoan interpretatuta, ondare industrialaren beste alderdi batzuk ere erakusten dizkigu. Alde batetik, lanaren memoria, enpresen bulego teknikoek eta delineatzailearena bezalako lanbideek duten eginkizun handia berreskuratuz. Bestetik, dokumentuen berezko balioa, hain ezagunak ez diren zeregin horien lekukotasun material gisa. Planoak paperean marraztea lehenengo urratsa da edozein ingeniaritza-proiekturen garapen-katean. Hasteko, ideia sortzen da, eskuzko krokisak zirriborratu eta marrazten dira, eta kalkuluak eta dimentsionamenduak egiten dira (ingeniariek egindako lana). Gero delineazio atalera pasatzen da (hizpide ditugun planoetan bezala). Eta kopien sorrerarekin amaitzen da, askotan ferroprusiatoak (hondo urdin bereizgarria dutenak).
Babcock & Wilcox-en plano multzo honek gure ondare industrialaren konplexutasunaren eta hauskortasunaren erakusten digu. Bere garrantzia dela eta, bilduman sartu ziren lehen hamar piezen artean daude: enpresak (garai hartan Sestaoko eta Trapagarango lurretan jardunean zegoena) 1982an dohaintzan eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, indukzio-labe batekin, erregogor batekin eta bere laborategietako hainbat doitasun-elementurekin batera. Gaur egun, objektu horiek eta zortzi planoak Euskal Autonomia Erkidegoko industrializazioaren enpresa garrantzitsuenetako bat izan zenaren ondare material eskasaren funtsezko zati dira; izan ere, 2019an Babcock & Wilkox-en sorrerako nabeak erabat eraitsiak izan dira, eta bere artxiboak, ziurrenik, desagertu dira.
Pieza honi buruz edo Konsoni Lantegian dagoen industria ondarea higigarriaren gordailuko bildumari buruz gehiago jakin nahi baduzu, partekatu zure galderak eta iruzkinak #IndustriaOndareaEtxetik traolarekin.
IndustriaOndareaEtxetik
Kolaboratzailea:
ARTXIBOA: Industria Ondarea Higigarriaren. #IndustriaOndareaEtxetik
2020/06/19 Lurrun-makina eta Ruston galdara, Proctor & Co. Ltd. Ia 200 urte topera
2020/06/12 Bellota markako sega. Patricio Echeverría (Legazpi). Altzairu tenplatua lurraren arrasean
2020/06/05 Mino G.B. & Figli zilindro-grabagailua. Italiako teknologia Arabako urregintzan
2020/05/29 “Pittler” tornu errebolberra. Urteak eta urteak biraka Eibarren
2020/05/22 Super Da-Ex proiektorea. Film batean agertzeko moduko asmakizuna, Barakaldon egina
2020/05/15 Alfa josteko makina, A modeloa (Eibar). Krisi-garaian berritzea
2020/05/08 Talleres de Deusto enpresako prentsa hidraulikoa. Presiopeko lana
2020/05/01 Galletas Artiach enpresako «txokolate makina». Bilbo gozozaleena
2020/04/24 Pulpa fintzeko errota. Papelera Española (Errenteria). Fabrikatik paisaiara
2020/04/17 Zapata-orkoien tornu kopiatzailea. Gasteizen ere, nolako oin, halako oinetako
2020/04/10 Zang korapilo sare-ehungailua. Itsasorako ehunak: emakume-lana
2020/04/03 Sömme lata-itxigailua. Bilbotik mundura
2020/03/27 Etoile estanpazio-makina. «Made in Gernika» diseinua
2020/03/20 Pavesi P4 artilleria-traktorea. Gerra- eta lan-makina
2020/03/19 Konsoni Lantegia egungo egoerara egokituta: #IndustriaOndareaEtxetik
Deja tu comentario